XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kafesnea hozten den bitartean. LEHEN URTEBETETZEA

Diotenez, jainkoek inkomunikaziora kondenatu zuen gizakia Babel deitu etxeorratz bat jasotzen hasi zenean eta geroztik giza historia madarikazio horren kontrako burruka bat izan da, telekomunikazioa bideratu dezaketen kristal eta altzairuzko etxeorratz berriak eraikiz, zerua satelitez estaliz edo mundua kablezko sare batetan bilduz.

Guk, euskaldunok, ez dugu uhin eta bidriozko kableen burruka horretan gatazka haundirik irabazi, baina gure mendi gailurretako gurutze bakoitzaren ondoan antena erraldoi eta harroak eraikitzea lortu dugu eta astean behin egunkaritxo batzuk kioskoetan jartzea.

Ez dugu egiten duguna ederresten, baina euskaldunon arteko babel partikularrak xehetuko dituen paperezko lanabes hau egiten aritzen garenok harro sentitzen gara tokatu zaigun egitekoaren ederraz eta gaur zelebratzea erabaki dugu.

Duela urtebete hasi ginen lanean eta egin duguna irakurleek juzka zezaten inkesta bat burutu dugu.

Gaurko alearen erdiko orrialdeetan eman dugu jasotako erantzunen berri.

Dato horiek kontutan harturik, egunkaritxo hau eraberritzen hasiko gara eta buruan ditugun aldaketa formal nahiz mamikoen berri ere ematen dugu orrialde horietan.

Lan eskerga dugu aurrean eta horrek beldur piska bat ematen digu, baina, aldi berean, irakurleen aldetik jaso ditugun animo hitzek bultzatzen digute aurrera.

Guk, urtebetetzea zelebratzeko eta datozen nekeei aurre egiteko tarta haundi bat jatea erabakia dugu lana bukatu ondoren.

Zu beharbada kafesnearekin konformatuko zara, baina bihoakizu gure partetik ostiral goizeko zita honetara aurrerantzean goapoago agertuko gatzaizkizun promesa.

Hala bedi.